Sei pilotari, puntuen bila “Kaiolan”
Alberro, Jerobi, Lezkano, Enrique I, Enrique II eta Narbarte, Oreretako kinieletan
2011/07/23: Sei pilotarik bilatuko dituzte bihar ahalik eta puntu gehien, abuztuaren bukaera aldean hasiko den “Kaiola” Torneoko fase finala hurbil izateko. Izan ere, Oreretako Fandería frontoia izango da 16:00etan ospatuko den atariko honen egoitza. Bertan hiru kiniela puntuagarriak jokatuko dira.
Parte hartuko duten puntista guztiak gipuzkoarrak izango dira: Alberro, Jerobi, azken orduan Josuren lekua hartuko duen Lezkano Enrique I, Enrique II eta Narbarte. Hori dela eta, espektakulua ziurtatuta dago jaiak ospatzen ari den herri honetan.
Kiniela bakoitzeko garaileak hiru puntu lortuko ditu, bigarrenak; bi, eta hirugarrenak; bat, beraz, pilotari batek bederatzi puntu lortzeko aukera izango du, baina horretarako hiru kinielak irabazi beharko lituzke.
Eguneko interesegune bat Alberroren presentzia izango da, izan ere, atzo, Jon Arriola profesionalarekin batera, Karmenetako Torneoa eskuratu zuen. Elkarrekin, Iruta-Bailo menderatu zituzten 17-30reko emaitzaz, baina bihar, Unaik berriro dena eman beharko du aipatutako goi-mailako beste bost puntisten kontra.
Bilbao Jai Alaiko hurrengo hitzordua hurrengo larunbatean, hilaren 30rean, izango da Nafarroako Urdax herrian. Kasu honetan, jaialdia ez da “Kaiola” Torneorako puntuagarria izango.
Larruzko paleta eta pala motza
Euskal Pilota zaleek arratsalde polit bat biziko dute bihar Fandería frontoian, izan ere, 18:00etatik aurrera, “Joakin Etxeberria XVIII. Memoriala”-ren finalak ospatuko dira. Larruzko paletan, Begiristain-Arruti eta López-Lete izango dira protagonistak, eta jarrian, pala motzaz, Arozena-Etxeberriak eta Arruti-Unanuek (Asegarceko eskuzko pilotari ohia) borrokatuko dute txapelen bila.
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos
Argazkia: Unai Alberro (ezkerra) eta Arriola, atzo Markinako Karmenetako Torneoa irabazi eta gero
Itzuli