Alberro-Arriola eta Iruta-Bailo, tituluaren bila Uni-n
Karmenetako Torneoaren finala 22:00etan hasiko da
2011/07/22: Alberro-Arriola eta Iruta-Bailori urrats bat besterik ez zaio falta Markinako Unibertsitate frontoian garaipena eskuratzeko, izan ere, gaur bertan borrokatuko dute (22:00etan) ekainean hasi eta profesionalak eta amateurrak bildu dituen Karmenetako Torneoko txapelak lortzeko asmoz.
Gaur, Jon Arriola izango da profesional bakarra. Atzelari hau oso segurua da errebesez eta iaz Munduko Batzarreko Binakako Txapelketako finalean ere sartu zen, izan ere, partidaren erdialdean, Félix lesionatu eta, Bereikuarekin batera, Egiguren II-Lopezen kontra jokatu behar izan zuen.
Berriatuarraren alboan Unai Alberro egongo da, hau oso jokalari ikusgarria da eta errematatzeko orduan, oso ausarta. Honek berriro aterako da kantxara etzi, kasu honetan Oreretako Fanderia frontoian ospatuko den, “Kaiola” Open Torneoko atarikoan.
Euren kontra Iruta bezalako goi-mailako pilotari bat arituko da eta honen bikotekidea Noaindik etorriko den Bailo izango da. Hau amateur mailako puntistarik preziatuenetariko bat da, izan ere, finala jokatu eta handik ordu gutxira bere herriko koloreak defendatu beharko ditu Donostiako Torneoko finalerdian.
Finalerdietan, Alberro-Arriolak 22-30 emaitzaz menderatu zituzten Aimar eta Brian, baina partida honetan, aurrelari galtzailea lesionatu eta ezin zuen bere onena eman. Iruta-Bailok, berriz, lan handia egin behar izan zuten Goitia gaztea eta bere osaba, Félix Espilla mitikoa, kanporatzeko. Bi pilotari hauek dena eman, baina azkenean amore eman zuten (26-30).
Gazte eta 22 urte azpiko finala
Uni frontoian gaur ospatuko den jaialdia 22:00etan hasiko da gazte eta 22 urte azpiko lehia erabakigarriarekin eta bertan, Alex-Lekerika eta Aritz-Elkoro II.a neurtuko dira. Lehenengoek Ibai-Azpitarteri irabazi zieten 25 eta 30 eta bigarrenak, berriz, tanto bakar batengatik (29-30) nagusitu ziren Etxabe II-Mandiolaren. Jai Alaiko zaleentzat hau aukera aparta izango da etorkizuneko puntistak zuzenean ikusteko eta haietaz gozatzeko.
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos