Lopezek beste arrakasta bat lortu nahi du
Iaz Egirekin batera irabazi zuen Binakakoa eta bihar Erkiaga izango du lagun
2011/07/30: Imanol Lopezek beste arrakasta bat lortu nahiko du Binakako Txapelketan, izan ere, iazko finalean, Mikel Egigurenekin batera, Bereikua-Félix menderatu zuen (Arriolak Felixen lekua hartu zuen partida hasita zegoela) eta bihar Aritz Erkiaga izango du lagun Markinako Unibertsitate frontoian ospatuko den Goikoetxea-Hernandezen kontrako lehia interesgarri batean (17:00etan, bigarren partida).
Bi talde hauek ez dute porrota ezagutzen txapelketa honetan, baina Markinako Karmen Eguneko festibaleko estelarra dela eta, elkarren kontra aritu eta orduan Erkiaga-López atera ziren garaile.
Hala ere, Buruz-Burukoa zortzi aldiz eta Binakakoa, beti Enbilekin, bost aldiz irabazi duen Iñakik eta oso segurua den Hernandezek lekzioa ikasita izango dute eta gauzak zail jarriko zaizkie bere aurkariei.
Hauek etorkizun handia daukan Aritzen ausardia eta errebote bikaina eta Lopezen ikaragarrizko errebesa baliatzen saiatuko dira. Azken hau, Miamiko Most Winsa eskuratu ondoren, Jai Alaiko izar handia dela erakutsi nahiko du.
Astelehenean Gernikan antolatutako finalerdian, Ispasterkoak eta zumaiarrak Egiguren II-Enbil kanporatu zituzten eta Goiko eta arabarra, berriz, García eta lesionatuta zegoen Alliezen postua hartu zuen Minvielleren aurka nagusitu ziren.
Ikusmin handia piztu duen lehia honen aurretik, 17:00etan, hain zuzen ere, binakako norgehiagoka bat jokatuko da eta bertan Egiguren II-Osa eta Treku-Enbil izango dira protagonistak.
Brontzea, Egiguren II-Enbilentzat
Bestalde, Binakako Txapelketa honetako hirugarren posizioa Egiguren II-Enbilentzat izan da atzo Hondarribian jokatutako norgehiagokan Treku-Minvielle (García-Alliezen ordezkariak) 35-18ko emaitzaz menderatuta.
Itzuli
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos
Argazkia: Imanol López - Jai Alive