Araba, egoera onean Plentziako finalari begira
Biarritzek dena eman beharko du egoerari buelta lortzeko
2011/09/08: Araba egoera onean dago Plentzia Hiria Torneoa irabazteko, bertan jokatutako azken lau jaialdiko emaitzak besterik ez baitira kontuan hartuko. Kasu honetan, arabarrek Foronda-Lakontxa (honek Suso gaztearen lekua hartuko du) jarriko dituzte kantxan eta hauek, lehenengo bi egunak jokatuta, Miarritzeko Zuloaga-Onaindiak baino bost tanto gehiago dituzte (16-11). Hori dela eta, azken hauek buelta lortzen saiatuko dira, Bilbon abuztuaren 26an lortutako garaipenari jarraipena emateko.
Helburu hau betetzeko, gaur 21 urte betetzen duen Josebak eta Aritzek dena eman beharko dute bihar eta etzi (20:00etan, Plentzia Jai Alai) eta horrela, Liga Zesta Punta Profesionaleko sailkapen orokorreko buruan ere jartzeko aukera izango lukete. Izan ere, emaitza guztiak ikusita, Arabak Iparraldekoek baino bi puntu gehiago besterik ez ditu (26-24) eta Gipuzkoa eta Bizkaia haien zain daude 17 eta 16 puntuz, hurrenez hurren.
Hossegorreko Munduko Txapelketan aritu ostean, Alex Hormaetxea azken talde honetara itzuliko da, beraz, goiko postuetan sartzeko gogo handiz egongo da. Donosti, berriz, bosgarren postuan dago eta bere aurrelari titularra ere berreskura lezake, Arta, hain zuzen ere, baina belauna nola daukan ikusi egin beharko da. Bukatzeko, iragan larunbatean arazo pertsonalengatik baja izan ondoren, Kalzakortak Bilbaorekin jokatuko du.
Gauzak hala, edozein gauza gerta daiteke ikusgarriak izango diren amerikar erako kiniela bi jaialdi hauetan. Bertan herriko prezioak jarriko dira, izan ere, sarrera sei eurokoa izango da, edari eta pintxo bat barne.
Itzuli
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos
Argazkia: Iker Foronda, Arabako aurrelaria