Ikusmin handia piztu duen Liga badator Bilbora
Sei bikotek hasiko dute ibilbidea Aste Nagusian
2011/08/24: Bihar ikusmin handia piztu duen LZPP-a (Liga Zesta Punta Profesional) hasiko da ibiltzen, izan ere, Aste Nagusia ospatzen den Bilbo hiriko Deportivo Klubeko frontoiak kiniela jaialdiak hartuko ditu.
Lehenengo bi hitzorduak bihar eta etzi izango dira 21:00etatik aurrera eta sarrera zortzi eurokoa izango da, edaria eta pintxo barne, horretaz gain, Rekaldeko Zumardira hurbilduko direnek hamabi pilotarien jokoaz gozatzeko ere aukera izango dute.
Bizkaia (Hormaetxea-Manci), Bilbao (Kalzakorta-Zabala), Donostia (Arta-Lopetegi), Gipuzkoa (Beitia-Madarieta), Araba (Foronda-Suso) eta Miarritzeko (Zuloaga-Onaindia) taldeak izango dira puntuagarriak diren lau kiniela jokatuko dutenak. Gauzak hala, bihar eta etzi, kiniela bakoitzeko lehen sailkatuak hiru puntu lortuko ditu; bigarrenak, bi; eta hirugarrenak, bat.
Edizio honetako maila oso altua da eta beteranoak eta gazteak nahastuta arituko dira. Izan ere, eskarmentu handiko Beitia, Onaindia edo Lopetegi (honek 22 urte eman zituen Estatu Batuetan eta Mexikon) etorkizun handia daukaten Zuloaga, Arta eta Suso eta dagoeneko onenen artean bere lekua aurkitu duten Iker Foronda (2009ko Munduko Txapelduna) eta Bermeoko Alex Hormaetxearekin batera lehiatuko dira.
Bi festibal hauek Deportivoko Klubeko lanak hasi aurretiko azkenak izango dira profesional mailari dagokionez, beraz, xarma berezi bat izango dute. Hala ere, Ligak aurrera jarraituko du, kasu honetan Plentzian, irailaren 2, 3, 9 eta 10-rean zesta antolatuko baita bertan.
Itzuli
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos
Argazkia: Pilotariak, LZPP-ko aurkezpenean