Goikoetxea-Hernández faborito aterako dira gaur Hondarribian
García-Alliezen kontra neurtuko dira Binakako finalerdian (20:00etan)
22/07/2011: Goikoetxea eta Hernández faborito aterako dira arratsalde honetan bertan Munduko Batzarra antolatzen ari den Binakako zesta punta Txapelketako bigarren finalerdian. Neurketa 20:00etan hasiko da Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan.
Zumaiarrak eta arabarrak lehen faseko bi partidak irabazi zituzten, haietako bat, Egiguren II-Enbilen kontrakoa, oso gogorra izan zen eta bertan nagusituta, multzoko lidertza ziurtatu zuten.
Hala ere, gaur ezin izango dute García-Alliezen kontra konfidantzarik hartu. Hauek Olha-Etcheto menderatuta, adarreko bigarren postuan ziurtatu zuten, beraz, nahiz eta hurrengo egunean Erkiaga-Lopezen kontra amore eman, kanporaketa honetarako sailkapena erdietsi zuten. Gaur, aurrelariaren joko serioa eta atzelariaren errebesa baliatzen saiatuko dira lehia zail hau aurrera ateratzeko.
Garaileek oraindik itxaron egin beharko dute hilaren 31-n Markinan ospatuko den bere aurkarien izena ezagutzeko, izan ere, astelehenean bigarren finalerdia izango da ikusgai (Gernika Jai Alai, 17:00etan, bigarren partida) eta orduan Erkiaga-López eta Egiguren II-Enbil izango dira protagonistak.
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos