Antxon eta Landa, Ligako berritasunak
Plentziak hirugarren eta laugarren jardunaldia hartuko ditu bihar eta etzi
2011/09/01: Antxon Alberdi eta Ander Landa izango dira Liga Zesta Punta Profesionaleko hirugarren eta laugarren jardunaldiko berritasun nagusiak. Hitzorduak bihar, ostiralean; eta etzi, larunbatean, izango dira Plentzia Jai Alain (20:00etan, sarrera: 6 euro, edaria eta pintxo barne).
Lehenengoa hogei urteko aurrelari bat da eta orain dela bi denboraldi Orlandon eta Ocalan (Floridan) egon zen profesional mailan jokatzen. Honek Hormaetxearen lekua hartuko du Bizkaiko taldean eta Lekeitioko Mancisidorrekin batera arituko da. Bigarrena, berriz, Aymar Kalzakortaren ordez sartu eta Bilboko koloreak defendatuko ditu. Hala ere, Landa larunbateko kinielan besterik ez du parte hartuko, bihar Kalzakorta Bizkaiko kantxa honetan egongo da eta.
Sei taldeek oso motibatuta aterako dira kantxara eta dena oso parekatua dago, izan ere, badaude bi talde hamahiruna puntura berdinduta (Bizkaia eta Miarritze); Araba (Foronda-Suso), Deportivoko bigarren egunean bikain ibili ostean, hirugarren postura igo eta, badago Gipuzkoarekin (Beitia-Madarieta) berdinduta hamar punturekin. Haien atzetik, puntu bakar batekin, Donostia eta Bilbao daude eta hauek bolada on bat lortzen saiatuko dira goiko taldean sartzeko.
Gauzak hala, hamabi puntistek dena emango dute bi jardunaldi hauetan posizio onean jartzeko, izan ere, txapelketa hurrengo astean, itzuliko da Plentzia Jai Alai honetara.
Zesta punta kiniela hauen aurretik, 18:30etan inguru, Plentziako San Antolintxu Torneoko pala motzako partidak izango dira ikusgai eta bertan Pabeko 2010. urteko munduko txapeldunek jokatuko dute.
Itzuli
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos
Argazkia: Ander Landak larunbatean jokatuko du Plentzian