Iturbide-Bailo eta Alberro-Zabala, Donostiako finalean
Gamarra III-Peña eta López-Aizpurua menderatu zituzten, hurrenez hurren
Kronika 2011/07/25: Iturbide-Bailok (Noain) eta Alberro-Zabalak (Berriatua) borrokatuko dute larunbatean Carmelo Balda frontoian uztaila osoan zehar antolatu den Donostia Jai Alai Torneoko finalean.
Lehenengoek 35-23 menderatu zituzten beste bi napar, Gamarra III-Peña (Euskal Jai), hain zuzen. Garaileak atzetik hasi ziren, baina berehala hartu zuten agintea eta ihes egin zuten markagailuan garaipena lortu arte. Bere aurkariek dena eman, baina ezin zuten ezer egin irabazleen nagusitasunaren aurrean.
Bigarren finalerdiak emozio handiagoa izan zuen. Alberro-Zabala indartsu hasi ziren Andoaingo López-Aizpuruaren kontra eta hamar tantoko aldeak ere lortu zituzten, baina atzelari beteranoa bere kalitatea erakusten hasi bezain pronto, norgehiagoka parekatu egin zen eta 33nako berdinketa ere igo zen markagailura.
Hala ere, gipuzkoarrek ez zuten buelta lortu eta Berriatuako klubekoek azken bi tantoak egin zituzten, horrela lehia erabakigarrirako txartela eskuratuz.
Itzuli
Testu: Juan Luis Ibarretxe Marcos
Argazkia: Bailo – Noaingo kluba